• Luzaide antzina-antzinako garaietako herria da, bere dermioan aurkitutako historiaurreko aztarnek erakusten diguten arabera.
• Ez dakigu nola sortu zen herria baina bidelapur eta artzain, gerlari eta erromes, muga eta loturei buruz hitzegiten dizkiguten kondaira aunitz daude.
Herriko nortasuna Erdi Aroan batez ere eratu zen, Errolanen garaipena (778) eta Donejakueko erromesaldien hasierarekin (IX. Mendea).

 

 

 

 

1110.ean Fortun Sanz de Yarnozek Luzaideko lurrak eman zizkion Leireko Monasterioari.
1271ean Leirek "etxe-hospital bi" saldu zizkion Orreagari: Irauzketa eta Gorosgarai, horiek Luzaiden zituzten lur guztiak barne, hala nola Ibañetako San Salvador baseliza. Hau da herriaren sorburu historikoa.
XIV. mendearen hasieran Luzaideko biztanleria aunitz zabaldu zen; 1335ean zeuden 30 etxebizitzen izenak ezagunak dira. 1342an, Felipe jaunak, Nafarroako erregearen loktenenteak, bertako nahiz kanpoko zenbait familien artean lurrak banatu zituen eta 9 etxebizitza gehiago egin ziren.
1406ean Carlos III.ak trukatzeko pribilegioa eman zuen eta horren bidez Luzaide Bortuz bestaldeko Merindadetik bereiztu eta Zangozako Merindadera pasatuko zen. Aurrerantzean Erregeak Luzaiden zituen lurrak Erroibarko alkatearen menean egongo ziren.
1592. urtearen inguruan Luzaideko Kontzejua Erroibartik banandu zen eta udal propioa izatera pasatuko zen.
1793: frantses errepublikarrek herria indarrez hartu zuten. Frantses Iraultzak garrantzi handia izan zuen Luzaideko itxura berrian. Luzaidarrek, 1796. urtean itzuli zirenean, lehen "bordak" izan zirenetan eraiki zituzten etxebizitzak, landa-lurretatik hurbil. Orduan hasi zen egituratzen gaur egun herriak duen itxura sakabanatua. Izenari eta toponimiari esker herriaren antzinako kokagunearen oroimena oraindik bizirik dirau.